XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Muxuak zera ziren, leunak eta basatiak aldi berean, geldiak baina sakonak, eta zera zihoazen, in crescendo. Ummm...!

Amets hura eta gero, EGA titulua lortzearren eman nuen izena euskaltegian, baina ez kasualitatez.

Nire irakasle suertatu zinen, eta geroztik, ezin izaten nituen itxuraz osatu esaldiak Aek-n.

Zuk baserriari buruzko irakurgai bat ekartzen bazenuen, nik belarretan eta kamisetarik gabe irudikatzen zintudan, eta bihotza zoro baten moduan saltoka nabaritzen nuen.

Bizkar hezurretik behera malgutasun arraro bat somatzen nuen, eta beheraxeago, beste zeozer.

Zuk denbora eta espazioaren nozioak adierazten zenizkigun bitartean, nik nozio horiei bide berriak irekitzen nizkien, belarretan, baserrian, atzo, gaur, bihar, etengabe...!

Nolako kalentura Aek-n...! Eta ez zitzaidan sendatzen aspirina hartuta.

Egunetik egunera areagotu egiten zitzaidan. Udaberri erdian geunden eta termometroak gora egiten zuen.

Zure alkandoraren botoiek, berriz, behera. Den-dena proportzionatua zeneukan, eta zuri begiratzean sinesten nuen, bai, Jainkoa bazela...

Udaberria zen Aek-n.

Irakasleei buruzko ametsak eta egonaldi bakartiak nire gelan arratsaldeko ordu beroetan.

Gero, iluntzeetan, klasera. Subjuntibera eta Ahalmenera ikasten nituen, zuk noizbehinka begiratu egiten zenidala konturatuz.

Somatzen zitzaizkizun, lepotik behera, bularraldeko ile urriak, eta harbelaren aurrean zutik zerbait adierazten ari zinenean, eta nik intentsitatez begiratzen zintudanean, somatzen nuen beste zeozer ere. Kasi sentitu egin nezakeen zure praka politen barneko...

Gure baserrian (lan mundura)

Amonak esaten zuen baietz, hori horrela zela eta onartzeko, baina nik ez nuen erabat sinesten.

Esan nahi dut, orduan ez nuela sinesten ez hori, ez eta belar haien eragina horrenbesterainokoa izan zitekeenik ere.

Eta batez ere ez nuen sinestu nahi geroago egia zela jakin nuen beste hura.

Unibertsitateko ikasketak amaitu berriak nituen, eta munduko gertakizun oro metodo zientifikoaren bidez adieraz zitekeen nire ustez; hipotesiatik esperimentaziora, eta esperimentaziotik teoria baten ezarpenera bideratzen ninduen ikasitako guztiak.

Baina hori, amonarekin belardietara ibilaldi luze haiek egiten hasi nintzenean amaitu zen, noski.

Bai, egitan, hasieran krudela eta guzti gertatu zitzaidan fakultatean ikasitako guztia ziztu bizian gainera zetorkidala jabetzea.

Nire bizitzaren oinarriak, teoriak, egiak, urteetan zehar piskanaka eta ondo kostata eraikia izan zen mundu oso bat erori zen egun gutxitan.

Bai, arroxa koloreko loretxo haiek, armairu barruan usain goxoa zabaldu ezezik, pentsamendu alaiak erakartzen zituztela entzutea aski harrigarria izan zen.

Beraiek usaintzean, fisiologiako liburuetan agertzen ez zen sentimen-neurona bat bideratzen baitzen sudurretik burmuinera, subkontzienteko oroimen mingarriak goxotu eta ezkaiaren usainaz laztantzen zituena.

Baina aurkikuntza hura hasiera besterik ez zen izan.

Denborarekin, bihotzeko gaitzak sendatzen dituzten melisa-orriak, barrea eragiten duten polen-hautsak, eta ezin ibilirik dagoena trikitixa dantzatzeko moduan jartzen zuten belar misteriotsu haien sekretuak ere, magiaren xarmaz sartu ziren nire bizitzan, Einstein, Pasteur eta Darwin-en teoriak, eta Pitagoraren teorema aspergarria atera ziren aldi berean.

Eta orduan hasi nintzen ikasten. Gaitzak sendatzen ikasi nuen, eta beste gauza asko ere bai.

Gauetan, ilargiaren argitan egosten zituen amonak menda belarrak.

Ilgoran egosten zituen beti, beren indar guztia gorde zezaten.

Gero, ur horrekin ureztatzen genituen baratzeko landareak eta ibai ondoko mahatsondoa.

Osasuntsu eta ederrak geunden baratzeko landareen bizitzaz, eta mahatsetik eginiko ardoak bixitzen zituen gure gau alaiak udako berotan.

Eta gure baserriko girora jende mordoa inguratzen zen, eta zu ere bai, gauaren koloreko misterioz betea. Eta zuri ere mahatsetik eginiko ardo goxoa eskaintzen nizun, beste belartxo haiek ere erantsita.

Denak izarren azpian bixi-bixi eginda jartzen zirenean, aintzinako matematiko, filosofo, fisiko, biologo eta filologoei buruz mintzatzen ziren luze eta zabal, zientziaren doktrinak eta gizon-emakumeen aurrerapenak goraipatuz.

Barre egiten zuen amonak bere txokoan, izan ere zu amodiozko euskal poema zaharrak esaten ari izaten zinen (ia-ia sorginkeria guztiak ahanzterazten zizkidatenak).

Barre eta barre egiten zuen amonak, eta ezin izaten nuen inola ere isilarazi.

Erabat baretu gabe oraindik, etxera sartzen zen herriko elizako Kanpaiak hamabiak jotzen zituenean.

Atzetik jarraitzen nintzaion ni, beste guztiak ardo gorriaren eta irudimenaren mundu magikoan zebiltzan artean, eta baserriko atzeko atetik ateraz, Aroztegietako belardira joaten ginen gure erratzen gainean hegan.

Eta laino guztien azpitik, eta sasi guztien gainetik...

Kattalin Urdangarin